XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL TELEBISTA ETA EUSKARA GAURREGUN

Alde batera edo, hobeto esan, bere gisara lagako dugu, lantxo honi dagokionez behintzat, ETBren egitasmoaren barruan euskara noiz, non eta zein neurritan agertuko den edota nola gustatuko litzaigukeen guri agertzea.

Bere gisara lagako dugula diot, gure herri honen alderdien erizpideek, beren arteko orekak eta euskaldungoaren beraren aldarrikapenek, bere gisa aproposera eramango bait gaituzte.

Politikarekin topo egin dugu, jaun-andreok.

Esan gabe doa: - Herri honek nekez irents ez diot onar dezakeela euskara hutsezko telebista.

- Euskarak komunikazio-funtzioa bete dezan ezinbesteko dela gutxieneko bat.

Erabateko eta gutxieneko maila horren neurkina politika da.

Eta politika, hemen eta nonahi, daitekeenaren zientzia da.

Ez gehiago eta ez gutxiago.

EUSKARAREN NOLAKOTASUNA Euskarak bere komunikazio-funtzio hori beteko badu, KOMUNIKATU EGIN BEHARKO DU.

Hau da, era ulergarrian jakinerazi.

Eta ez edonori era ulergarrian jakinerazi, gaurregun batez ere bizkaieraz eta gipuzkeraz mintzo den herri bati baizik.

Azken urteotan nagusitu den jarrerari uko egin gabe noski, baina telebistaren aurrean auskalo zeren zain jartzen diren urlia, sandia eta berendia arrunt horiek gutxietsi gabe.

Lapurtarrak ere euskaldunak direla eta entzule izan daitezkeela gogotan izanik, bai, baina bizkaitarrak hutsaren hurrengo direla uste izan gabe edota bizkaiera hiru xemeiko txistu dela pentsatzeke.

Hondarribitarrek ere beharko dute behingoz Arratia edo Txorierrirantz begiratu.

Orixek euskarak eguzki aldera jotzen zuela esan zuen.

Tradizioa hori dateke eta arrazoi zukeen, baina elektronikaren mundu horretan mendebalak jotzen du eta aurpegi eman behar zaio.

Gaur eta hemen, telebistaki, gure BBB autopista ez da Bilbo-Behobia-Baiona justu-justu alderantziz baizik.

GURE GAURKO EGOERA Telebistako hizkuntzari bagagozkio, hiru maila desberdin nabarmen ditzakegu: - Kanpoan erosi eta euskarara itzulitako filmeak edota bertan egindako aldez aurretikako produkzioak.

- ETBko kazetari eta esatariek zuzenean egindako albisteria eta erreportaiak.

- ETBko programetan parte hartzen duen kaleko jendea.

- Aldez aurretikako produkzioak

Ez naiz ni, seguruenik, alor honetaz hitzegiteko aukerakoena.

Hala ere, aldez aurretikako produkzioari ezinbestean datxeko aldez aurretik behar diren neurriak eta erabakiak hartzea, produkzio-zuzendariak nahiago duen edo egokiago deritzan hizkera-moldea erabili ahal izateko.

Arlo honetan, aldez aurretikako erizpideak praktikan jartzea daitekeen gauza da eta, daiteke ez ezik, nahitaez egin beharreko gauza dirudi.

Beste gauza bat da erizpide zuzenak edo okerrak hartzen diren, gai guztiak euskaraz erabili ote daitezkeen jendeak ulertzeko moduan, etab, etab.

- Zuzenean egindako produkzioak

Zuzenean egindako produkzioa, nahiz eta gaizki atera ez dago berriro errepikatzerik.